Datuek erakusten dute trans komunitateak zailtasunak aurkitzen dituela osasun arretarako sarbidean. Profesionalek ez dute prestakuntzarik eta transfobia oztopo da osasun-zerbitzuetara lasaitasunez joan daitezen.
ANDREA MOMOITIO
Ia egunero ditugu berriak. Beno, agian asko da hori esatea. Ia egunero, murmurio berberak ditugu sare sozialetan, zirkulu txikietan. Batek ospitaleren bateko genero-unitateren batean ez dutela ondo tratatu salatzen du, beste batek kontatzen du Frantziara joan behar izan duela hormonak erostera, arazoak daudelako horren horniduran, edota ginekologia kontsultako langileek komentario transfoboren bat egiten dutela.
Trans komunitateak azken urteotan lortu izan dituen aurrerapen ukaezinak gorabehera, osasun-langileen prestakuntza faltak zaildu egiten du euren trantsitua askatasunez eta duintasunez egitea. Viruta FTM kantautoreak kontatzen zuen Pikara Magazinen orain dela hilabete batzuk: “Pertsona trans asko daude ginekologiako kontsultara joateak ikara edo arbuioa eragiten diona. Nire adiskide transei gomendatzen diet bila ditzatela txeraz eta enpatiaz tratatuko dituzten eta bizipena ahalik eramangarrien egiten lagunduko dieten profesionalen gomendioak. Ez dadila aitzakiarik egon gure gorputzak ezagutzeko, barrutik zein kanpotik”.
Besterik behar zen! Hark esandakoari jarraituz, ginekologian eta obstetrizian badaude transen beharrak artatzeko lan egiten duten profesionalak, baina gutxiegi dira. Badaude salbuespen errespetagarriak, noski. Trànsit: Transen Osasuna Sustatzeko Zerbitzua, adibidez, erreferentea da, baina berriro diot: salbuespena da.
Ozen! kolektibo feministak Gurutzetako Ospitaleko Genero Identitatearen Unitatearen (GIU) kontrako kanpaina bat abiarazi zuen orain dela hilabete batzuk Barakaldon. Hortik pasatzen ziren transak umiliatu eta behartu egiten zituztela zioten. Antzeko egoerak bizi izan zituzten pertsonek jakitera eman zezatela eskatzen zuten, salaketa kolektibo bat antolatzeari begira. Beste batzuen artean, zioten “masailezur eta sudur horrekin ez dakit inoiz helduko zaren benetako emakume bat izatera”, edo “gizonak eta kontu femeninoak gogoko badituzu, zergatik ez duzu jarraitzen emakume izaten?” gisako lelokeriak entzun behar izan zituztela.
Ekai Lersundiren, hau da, 16 urterekin bere buruaz beste egin zuen transaren familiak ere agerian utzi zuen ospitale bereko Genero Identitatearen Unitatea. Eusko Jaurlaritzako osasun sailburu Nekane Murgari bidalitako gutun batean, zerbitzua desegin zezala eskatzen zion. Eskatzen zioten transak “hurbilen zuten anbulatoriotan” artatuak izan zitezela, eta zegokien endokrinoarengana bideratuak izan zitezela, Barakaldoko ospitaleraino joaten ibili beharrik gabe.
“Psikologoaren edo psikiatraren kontua transek hala eskatzen bazuten” bakarrik kontuan izan zedila ere eskatzen zuten, euren hitzei jarraituz, “beharturik amore ematera” egon ez zitezen. El Correo egunkariari egindako adierazpenetan, argi eta garbi uzten zuen: “Ez du bere buruaz beste egin transexuala zelako”. “Urteak zeramatzan itxaroten Gurutzetako ospitaleak tratamendu hormonal bat noiz jarriko zion zain, baina psikologo eta psikiatren kontsultatik kontsultara ibiltzea besterik ez zuen lortu. (…) Endokrinoarekin kontsulta zeukan. Hemen, Euskadin, Nafarroak edo Bartzelonak egin dutenari jarraitu behar zaio. Transexualitatea ez da gaixotasun mental bat; hori despatologizatu beharra dago”. Ekai 2018an hil zen. Haren familiak borrokan jarraitzen du, haren memoria zaintzeaz gain hark gozatu ahal ezin zituen eskubideak bermatuak izan daitezen.
Patologización trans*: Una violación de derechos humanos insostenible izeneko artikuluan [Trans patologizazioa: giza eskubideen urraketa onartezina], Laia Serra abokatuak dio LGTB kolektiboaren barruan transek dutela osasun maila prekarioena, transfobiagatik. Hainbat dokumentu prestatu izan dira, esaterako Guía de buenas prácticas para la atención sanitaria a personas trans* en el marco del sistema nacional de salud [Osasun-sistema nazionalean pertsona transei osasun-arreta emateko jardunbide onen gida], baina horiek askotan ez dira heltzen transen osasun-arretaz arduratzen diren osasun-profesionalen eskuetara.
Datuak eskandaluzkoak dira. Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual eta Intersexualen Estatuko Federazioak egindako Las personas trans y su relación con el sistema sanitario azterlanean [Transak eta osasun-sistemarekin duten harremana] jasotakoaren arabera, “transen %33 ez da osasun-zentroetara joaten osasuneko arazo bat dutenean; beste arrazoi batzuen artean, ez dira joaten deseroso sentitzen direlako, ez dutelako osasun-txartelik edo euren jaiotzako izenez deitzen dietelako”. Azken arrazoi hori nabarmentzen da, %48k diskriminaziozko tratua sentitu izan du inoiz osasun langileen aldetik, eta ia erdiek atzeratu eta bertan behera utzi izan dute emana zieten hitzordua, sentitzen zuten izenez deituko ez zieten beldurrez, errespetuz tratatuko ez zituzten beldurrez, euren izaera nabarmendu beharraren beldurrez edota ez zekitelako zein espezialistengana joan behar zuten euren trantsizio-prozesua zela eta”.
Legegintza arloan azken hamarkadetan onartzen joan diren aurrerapenek zedarritzen dute norabidea, baina oraindik nahiko galduta gaudela ematen du, antza. Hori bai, batzuk beste batzuk baino gehiago. Bitartean, trans komunitateak babak eltzetik ateratzen jarraitzen du.